Bordatxu Gazte Txokoa. 

Kontakturako:  bordatxu-gaztetxokoa@hotmail.com

.Azken urteotan, erandioztarren artean euskararen erabilera sustatzea izan du helburu nagusi Berbots Erandion Euskaraz elkarteak, eta horretarako euskarazko eskaintza kulturala eta ekitaldi ludikoak gauzatu ditu, batik bat. 

Oraingoan, urrats bat gehiago eman nahi izan dugu, 12tik 16 URTERA BITARTEKO GAZTEEN ARTEAN euskararen erabilera sustatzeko asmoz bideratu dugun gazte-txoko proiektuaren bitartez. Adin horren inguruko seme-alabak dituzten Berbots-kide batzuk izan dira proiektuaren bultzatzaile nagusi. Gazteek euren artean euskara oso gutxi erabiltzen dutela eta horren inguruko hausnarketa egiteko proposamena luzatu zioten taldeari. 

Proposamena gogoz hartu eta gurea bezalako elkarte xume batek egin dezakeen ekarpena garrantzitsua izan daitekeelakoan taldearen baliabideak horretarako erabiltzea erabaki genuen. Izan ere, haurtzarotik nerabezarora ematen den jauzi garrantzitsu horretan, gazteen bizitzan familiak protagonismoa galtzen duenean eta koadrila erreferente nagusi bilakatzen den unean, euskarak komunikazio-hizkuntza bezala oso presentzia eskasa du gure inguruan. 

Beste alde batetik, gazteei bereziki zuzendutako ekipamenduen gabezia nabarmena da Erandion eta gazte askok zentro komertzialetan garatzen du bere aisialdia gehienetan teknologia berriei lotuta. Egoera horren aurrean, BORDATXU GAZTE TXOKOA eskainiko diegu adin tarte horretako gazteei, aisialdian ere euskaraz berba egiteko ohitura pizteko asmoz, euren arteko eguneroko komunikazio-hizkuntza euskara ere izan dadin laguntzeko tresna izango delakoan. 

Proiektu honetan oinarrizko elementua da LOKALA, eta Udalarengandik lortzerik izan ez dugunez, Erandio Bekoako San Jeronimo kalean, Irailaren 23a plazaren inguruan, ehun bat metro koadroko LOKALA alokatu dugu. Lokala txukundu, beharrezko materialez hornitu eta urriaren 28an zabalduko ditu ateak BORDATXU gazte-txokoak. 

Aurrerantzean, barikuetan eta zapatuetan, arrastiko 5etatik 9etara zabalduko ditu ateak BORDATXUk, bertara joan nahi duten gaztetxoentzat. Lokal honen funtzionamendua euskaraz izango da. Bertan, lagunekin elkartu ahal izango dute beste barik egonean egoteko edo Bordatxuk eskaintzen dituen baliabide finkoak erabiltzeko: musika, CDak, mahai jokoak, aldizkariak, komikiak, interneteko konexioa, eta abar. Gazteen interesen eta gogoen arabera irteerak eta tailerrak ere tartekatuko dira. 

Erakunderen aldetik diru-laguntzak lortu ditugu eta Janire Morales Goenetxea kontratu dugu egitasmoaren koordinazio lanetan jarduteko. Horrez gain, eragile lanetan jarduteko prest dauden beste gazte batzuen laguntza ere badugu. Horrela, urriaren 28an hasiko da martxan BORDATXU eta gaztetxoentzat ateak zabaltzen dituen egunen horretan, Keli taldekoak izango dira bertan giroa alaitzen.

© 2008 Berbots

Berbots Erandion Euskaraz!